2009-02-05

'Ikastola' abestia aurkeztu dute


'Ikastola' abestia aurkeztu dute

'Ikastola' kanta 70. hamarkadan sortu zuen Bilbon Saioka taldeak eta Euskal Herriko ikastola askotara zabaldu zen. Orain, abesti hori moldatu eta berreskuratu dute. Ikus ezazu bideoa.

Ikastolen Elkarteak Ikastola kanta sortu du, ikastola guztien ereserkia izateko asmoarekin. Ez da guztiz berria; orain dela 35 urte Saioka talde pedagogikoak egindako kanta berreskuratu dute eta itxura berria eman.
Xabier Zabala konpositore zarauztarra arduradu da musikaz eta, atzoko aurkezpenean esan zuenez, estribiloaren parteari kalejirako erritmoak gehitu dizkio, «abesti hau dantzagarri izatea» nahi lukeelako, eta beste beste zatiek kutsu rockeroagoa daukate.
CDan kantaren lau bertsio eskaintzen dira: oinarrizko bertsioa; ikastetxe bakoitzak bere letra eransteko aukera ematen duen bertsioa; txirulaz jotzekoa; eta karaokea egitekoa.
Hitzak sortzen, berriz, Pirritx eta Porrotx pailazoak jardun dira, aspaldiko bertsio hura aintzat hartuta. Kontuan izan behar da, lehenengo aldaerak bezalaxe, oraingo bertsioak ere aukera ematen duela herri bakoitzeko ikastolak bere letra partikularra erantsi diezaion estribiloari.
Honela mintzatu ziren atzoko aurkezpenean Pirritx eta Porrotx: «Lehen atalak pertsonaz dihardu; bigarrena, euskara eta Euskal Herriari buruzkoa da; eta hirugarrena, baloreei buruzkoa».
Grabazio honetan jende askok hartu du parte: Amaia, Miren eta Paxkalin Aire (Aire ahizpak), Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi taldekoa) eta Oiongo ikastolako ikasle, irakasle eta guraso talde zabal batek, besteak beste.
Atzoko aurkezpenera Aire ahizpetatik bi agertu ziren, eta honela mintzatu: «Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere ari dira ikastola berriak sortzen, eta zuek indarra ematen diguzue. Kanta hau laster hedatuko da hango ikastoletara ere».
Ken Zazpi taldeko Eñaut Elorrietak, berriz, honela jardun zuen atzokoan: «Ni ikastola batean ikasitakoa naiz. Gurasoak ikastolako irakasle ditut. Eta uste dut ikastolak euskal hezkuntzaren abangoardia direla».
Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakari Koldo Tellituk Saioka talde pedagogikoren meritua gogorarazi zuen: «Talde hark ilusio handia piztu zuen orduan euskal irakaskuntzan».

Gaur bezalako egun batean.....