2010-09-16

ONTZERRI TALDEAREN OHARRA


Ontzerri taldearen oharra
Ontzerri futbol taldeko eragileak oharra zabaltzen ari dira egunotan. Zera dio:
"Aiurrik Ontzerri eta Euskaldunako kideei egin dien elkarrizketaren ondoren, idatzi honen bidez, Euskaldunako kideek esandako gezur batzuk argitu nahi, ditugu:
  1. “Ez dugu Euskaldunako kiderik iraindu, ez erasotu eta ez mehatxatu, eta ez dugu gure taldean horrelako jarrerarik onartuko. Baina ez dugu onartuko ere, gure aurka, mehatxatu ditugula esanez, Euskaldunakoak ari diren bezala, gezurretan aritzea”.
  2. “II. Erregional mailan jokatzeko aukera eman zigutela esaten dute, eta hori ez da horrela inondik inora. Futbolean jokatu nahi bagenuen, beteranoekin edo futbol 7an apuntatzeko esan ziguten, baina inoiz ez II. Erregional mailan”.
  3. “Gure taldean, iaz Euskaldunak, maila txarrenean onartu ez zituen jokalariak daude, ondorioz futbolean jokatzera beste herri batera joan behar izan zutenak edo futbolean jokatzerik izan ez zutenak. Honen aurrean, baztertutako jokalari hauen ekimenez hasitako egitasmora, futbolari ohi mordoa gehitu zitzaizkigun, Euskaldunako kirol ereduan inoiz ez liratekenak hasiko, baina lagun giroan futbolean aritzeko gogoz daudenak. Eta gure inguruan ilusio handia sortu da. Nahiago al duzue, herriko gazteak geldirik edo kanpoko taldeetan ikustea?”.
  4. “Hau izan da egin dugun bekatu bakarra. Futbolean jokatu gabe edo kanpoko talde batean jokatu beharrean, lagun talde bat bildu eta Federazioak hala eskatu zigunez, talde horri izen bat ematea”.
  5. “Eskatzen dugun gauza bakarra, astean 1,5 orduz futbol zelaia erabili ahal izatea da”.
  6. “Oztopoak jarri dizkigute, gure egitasmo umila bertan behera gera zedin, baina arazoa urrunegi joan da, eta arazoa konpontzeko beharrezkoa heldutasunez jokatu beharko dugu alde guztiek”.

EUSKALDUNA ONTZERRI

Euskalduna, Ontzerri

Abuztuaren 31, lanetik atera eta bizikleta gainean etxerako bidean noala Andoni Alvarez pilota eskolako arduradunarekin topo egin dut. Uda osoan elkarren berri izan gabe eta hizketan hasi gara. Aspaldi elkarri zor diogun bazkari hori egiten ez dugunez, denbora luzez Andoaingo gai askoren inguruan hitz egiteko joerari eutsi diogu.

Futbolaren inguruan sortu den giro petralaz hizketan hasi gara, eta Alvarezek aipatu dit futbolaren inguruan Andoainen bizi den giroa nik sumatzen dudana baino gaiztoagoa dela.
Sinesteko zaila irudituko zaizu, irakurle, baina minutu bakarrera eta gure begien aurrean egoera benetan gaiztoa dela frogatu ahal izan dugu. Gugandik gertu igaro da Andoaingo futbolari ezagun bat, Euskaldunan kapitain modura ibilbide polita egindakoa. Uda honetan lagun arteko giroan Ontzerrirekin jokatzeko prest agertu da. Elkar agurtu dugu eta berak Txistokiko bidea hartu du, lanera joateko. Metro gutxira, herrikide batek geratu du. Biak hizketan jarri dira, bata Ontzerriko jokalaria eta bestea Euskaldunako zuzendaritzako kidea.

Ezustekoa ondoren gertatu da. Hogeita bost metrora geundela entzun ditugu bata besteari epelak aurpegiratzen, gure belarrietara elkarri botatako biraoak eta hitz zatar ugari iristen zelarik. Ez dira txiripaz mutur joka hasi.
Zur eta lur geratu gara biak. “Ez da posible, honen inguruan idatzi beharra daukat, Andoni”, barrenetik atera zait.

Nola liteke futbolaren inguruan horrelakorik gertatzea? Horiek eta beste galdera gehiago sortu zaizkit Andoni agurtu eta etxerako bidea hartu dudanean.
Imajina dezaket Euskalduna bezalako egitura bati eustea ez dela batere samurra izango, eta herri mailako klub batean aritzea esker txarrekoa dela askotan. Baina, bestalde, zaila egiten zait ulertzea Andoaingo 24 gazte Allurralden futbolean aritzeko aldarrizkatuz pankarta baten atzean jartzea, edota Usurbilera jokatzera joan behar izatea.

Eta bihotzean sekulako mina ematen dit jendea horrela ikusteak. Egoera zatar horietatik igarotakoa naizelako. Eta ondotxo dakit bide horrek ez duela ezer onik ekarriko. Horrelako eztabaida gordinak kaltea besterik ez du sortzen. Kalte psikologikoa, gainera. Ikusten ez den kaltea. Arintzen eta sendatzen kosta egiten den kaltea.

Gaiaren inguruan ez daukat iritzi garbirik, ez daukadalako nahikoa informaziorik. Ez dut, oraingoz, jakin gabe hitz egin nahi. Lekuko izan naizen egoerak eraman nau idaztera.
Urak bere bidetik atera aurretik eztabaidaren muinean daudenei zentzuz jokatzeko deia egin behar diegula iruditzen zait. Zeren eta benetako eztabaidan zenbat lagun –lagun diot, bai– parte hartzen ari dira? Sei? Zortzi? Hamar? Ez dira askoz gehiago izango akordio batera iritsi ezinik dabiltzan ordezkari edo bozeramaleak.

Gatazka honetan sartu direnek tentu handiz jokatu beharko luketela iruditzen zait. Izan ere sei, zortzi edo hamar pertsona horien ezin ulertuaren eraginez jende asko alde batera edo bestera lerratzera behartzen ari direlako.

Lanerako garaia da, ez borrokarako. Akordioari eta elkarkidetzari ateak ireki behar dizkiote, zauriak betikotu nahi ez badira. Andoaindarrek, gainera, ez dute horrelakorik merezi. Nahikoa arazo gordin badago eta, lehendik ere.


Gaur bezalako egun batean.....