2010-12-20

Korrikako arropa dagoeneko salgai Andoaingo AEK euskaltegian

Korrika 17 apirilaren 7an hasiko da Trebiñon eta Donostian bukatuko da apirilaren 17an.
Hori dela eta, Korrikak urtero atera ohi ditu janzteko mota guztietako arropak: kamisetak, nikiak, jertseak,…. Gabonak gerturatzen ari direnez, norberarentzako nahiz oparitzeko aukera paregabea duzue Andoaingo AEK euskaltegira gerturatzeko.
Bestalde, arropaz gain, Korrikak 20.000 laguntzaile behar ditu aurtengo edizioan eta horretarako Korrika Laguntzailea egiteko aukera dago. 12€ren truke korrikari sekulako laguntza emango zaio eta horren trukean hainbat eta hainbat establezimendutan beherapenak lortzeko aukera ematen duen txartela emango zaio Korrika laguntzailea egiten denari.
Informazio gehiago:
Andoaingo AEK euskaltegia
Extremadura 5 behea, Andoain
943-591704/ andoain@aek.org

2010-12-09

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA


EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Datorren larunbatean Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu.
Hori dela eta,
Aita Larramendi Ikastolako “Euskaraz Bizi” batzordeak gonbitea luzatu nahi dizue larunbaterako antolatutako ekitaldietan parte har dezazuen. Hona hemen egitaraua:

Abenduak 11 (larunbata) – Euskararen egunaren ospakizuna

11:30etan Juanita Alkain Plazan bilduko gara.
Ondoren, Kalejira trikitilariekin, Kale Nagusian zehar, Zumea plazaraino.
12:00etan Ekitaldi berezia, Zumea plazan.

· Txalaparta

· Abeslariak

· Musikariak
· Ikastolako sortzaileei omenaldia ( Jone Larrañagak eta Manu Etxezortuk aurkeztuta)
· Haurrentzako Tailerrak

· Argitxoren bisita

Euskara, jalgi hadi plazara!!!


El próximo sábado celebraremos el Día Internacional del Euskera.
La comisión
“Euskaraz Bizi” de la Ikastola Aita Larramendi ha organizado una serie de actos, con el fin de celebrar un día tan señalado. Mediante la presente os invitamos y animamos a participar en dichos actos, que serán los siguientes:

11 de diciembre (sábado) – Celebración del día del euskera


11:30 Nos reuniremos en la plaza Juanita Alkain.

A continuación, Kalejira con trikitilaris, por la Calle Mayor, hasta la plaza Zumea. 12:00 Actos de celebración, en la plaza Zumea.
· Txalaparta
· Canciones

· Música

· Homenaje a los creadores de la Ikastola ( presentado por Jone
Larrañaga y Manu Etxezortu)
· Taller para niñ@s

· Visita de Argitxo

Euskara, jalgi hadi plazara!!!

2010-12-08

Ontzerri izenaren jatorri ezezaguna

Andoaingo herriak Ontzerri izena hartu izan du aspalditik; izenaren jatorria misterioz jantzia agertzen den arren, argitasuna eman dezakeen datu bat jakinarazi berri du Gurutz Gantzarain herritarrak.
Bi teoria, behinik behin, zabaldu izan dira Andoain “ontzaren herria” dela azaltzeko orduan. Batak, gauaren jabe izan ohi den hontza, hegaztiarekin lotzen du, Besteak, berriz, ontza edo txanpona jartzen du Ontzerriren jatorrian.
Azken urteetan herriko zenbait elkartek Ontzerri izenarekin bataiatu izan dute euren burua. Horietako zenbait gogoan hartzekotan, duela hainbat urte dendarien elkarte izan zena aipa daiteke. Azkenekoa, berriz, herriko hainbat gaztek aurten bertan sortu duten futbol taldea.
Guztiek ere hontzaren irudia erabili izan dutela eta, Gurutz Gantzarain hitz egiteko premian sentitu da: “Ikusi dut herriko gazteek ere oraindik hontza jartzen dutela beren taldearen anagraman, eta nire ustez okerra den uste hori zuzendu nahiko nuke”.
Berak zinez dionez, Ontzerri ontza edo txanponarekin identifikatu beharko litzateke. “San Martin parrokiaren eraikuntzan parte hartu zuten langileei urrezko ontzarekin ordaintzen zitzaien. Andoaingo inguruetako herrietakoak izaten ziren langile gehienak, Beterri, Goierri nahiz Donostialdea eta inguruetako herrietakoak. Ni gaztea nintzenean Amasako zahar batek adierazi zidan horixe, bereari ere aurrekoek kontatu ziotela. Horrelaxe identifikatzen zuten Andoain, ontza ematen zuten herritzat, alegia”. Gantzaraini datu hori jakinarazi zion amasarraren arbasoak San Martin parrokiaren eraikuntzan lan egindakoak izan ziren, nonbait.
Carlos III borboiaren garaikoak diren ontza horiek oso berandu arte erabili izan direla adierazi du Gantzarainek: “Atera kontuak: gure amonari Baionan ebakuntza egin zioten hesteetatik; larria zen gauza eta oso ondo atera omen zen. Bada gure aitonak (Zeferino Ansa, Andoaingo alkatea izan zena) urrezko ontzekin ordaindu zion ebakuntza egin zuen medikuari”.
San Martin parrokiaren eraikuntza
San Martin eliza 1759an hasi ziren eraikitzen, berez Argentinan bizi zen Agustin Leitza indianoak bere jaioterriari 45.000 pisu dohaintzan emango zizkiola agindu eta gero, eraikuntza horretarako. 1772. urte aldera amaitu zuten, XVIII mendeko Gipuzkoako arkitekturaren eraikuntzarik adierazgarrienetakoa den eraikuntza hau.
Obra Francisco Ibero arkitektoak hartu zuen bere gain, garai horretan Gipuzkoan zutitu ziren hainbat eraikuntza esanguratsuen egile zen berberak. Aita Larramendik, bere aldetik, Leitza indianoak bidaltzen zuen dirua eta gainerako zereginak kudeatu zituen. Eraikuntzak iraun zuen urteetan, hainbat langilek hartu zuen parte, ofizio askotarikoak; horietatik, Gipuzkoan oso trebeak ziren harginak izan ziren garrantzitsuenak, noski.
Agustin Leitza parrokia bukatu aurretik hil zen, 1763an, eta Larramendik Buruntza auzoko parrokia zaharrean egin zen hileta elizkizuneko sermoian, errietatxoa egin zien herrikideei, hain konfiantza gutxi ipinia zuten parrokia errealitate bihurtzen ari baitzen egunez egun. Leitzak ez ezik, Larramendi berak ere ezin izan zuen bukaturik ikusi parrokia berria, 1766an hil baitzen.
TXANPONA EDO HEGAZTIA?
Andoain Ontzerri ezizenarekin ezagutu izan da aspaldidanik eta ezizen hori hontza txoriarekin lotu izan da azken hamarkadetan. Kaletxikiko Ontza elkarteak animaliaren irudia erabiltzen du bere armarrian, garai bateko merkatarien elkarteak ere irudi bera erabili zuen eta azken urtean sortutako futbol taldearen armarrian ere gautxoria ageri da.
Aurtengo denboraldian sortu berri den Ontzerri futbol taldeko Iker Etxebestek, hontza hegaztiarekin lotu izan du herriaren ezizena. Futbol taldeari izen hori jartzearen arrazoiaren inguruan azalpenak eman ditu Ikerrek: “Futbol taldea osatzen ari ginela, hainbat bilera egin genuen taldekideen artean. Erabaki asko zegoen hartzeko eta bilera hartako batean, taldeari izena jarri behar zitzaiola pentsatu genuen. Proposamen ezberdinen artean, Ontzerri jartzea egokia zela iruditu zitzaigun. Betidanik entzun izan dugu Andoain hontzen herria dela. Gipuzkoako herri gehienek badute euren ezizena eta askok animaliekin zerikusia dute; astoak, euliak, bareak…, guk hontza hegaztiarekin lotzen genuen andoaindarren ezizena”.
Jakin-mina
Ontzerri futbol taldeko kideek, duela gutxi ezagutu dute herriaren ezizena ontza txanponarekin ere lot daitekeela: “Azken egunotan entzun dugu hontza animaliarekin baino gehiago, ontza txanponarekin izan dezakeela zerikusia andoaindarron ezizenak. Elizako lanak ordaintzeko erabiltzen zen txanpona omen zen eta hortik omen dator Andoain Ontzerri gisa ezagutzearen arrazoia. Ez dakit, berria da hori guretzat. Posible da hala izatea, baina gure ingurukoek hontza animaliarekin lotu izan dute beti ezizena. Erantzun egokia zein den jakiteko gogoz geratu gara orain”.
Gautxoriak eta parrandazaleak
Andoaindarren ezizena hontza animaliarekin lotzearen arrazoiaz galdetuta, hala esan du Iker Etxebestek: “Hontza gaueko txoria da eta andoaindarrak parrandero samarrak garelako ondo jarritako ezizena dela ematen du. Futbol taldeko kideak ere nahiko parranderoak gara eta ez zaigu gaizki egokitzen irudi hori”.
Kaletxikiko Ontza elkarteko Imanol Etxeberriak ere, ezizenaren inguruko azalpenak eman ditu: “Ontza elkarteko kideen artean adostasun handia dago gai honetan. Gure ustez, andoaindarrak beti izan gara hontzak, gautxoriarekin lotuta. Elkartearen sorrerako estatutuetan egiten da horren aipamenen bat eta gainera, gure elkartearen armarrian ere hontzaren irudia jasotzen dugu”.
Kantuetan, hontza
Imanol Etxeberriak ez du zalantzarik egiten andoaindarren ezizena hegaztiarengandik datorrela esatean: “Santa Ageda bezperan Andoainen abesten diren kantuetan ere hontzari aipamena egiten zaiola uste dut, horrek ere bere esanahia izango du. Kaletxikin behinik behin, beti esan izan dugu hontzen herria garela, hortik gure elkarteari jarritako izena eta armarria. Ontza txanponarekin lotzearena berria da guretzat”. Andoain hontza animaliarekin lotzearen arrazoiaren inguruan galdetuta, hala erantzuten du Imanolek: “Beti entzun izan dut parrandan, gauez ibiltzea gustatzen zaigulako jarri omen zigutela ezizen hori”.

Gaur bezalako egun batean.....