Udal musika eskolatik Euskadiko Ikasle Orkestrara
Andoaingo Udal musika eskolako Uxue Sanchez, Maddi Etxeberria eta Goretti Otegi ikasleak Euskal Herriko Ikasle Orkestrako kide izateko aukeratu dituzte. Zinez albiste ona da ikasleentzat, eta baita Andoaingo Udal musika eskolarentzat ere. Hautapen froga batzuk gainditu eta gero, Orkestrako partaide izatera iritsi dira.
Uxue Sanchez biolin jolea Euskal Herriko Ikasle Orkestran arituko da. Era berean, Maddi Etxeberria biolin jolea eta Goretti Otegi zeharkako txirula jolea aurten osatu berri den Euskal Herriko Ikasle Orkestra Gaztean arituko dira.
Meritua izugarria da, hiru ikasle hauek EAEko hiru hiriburuetako kontserbatorioko ikasleen proba berdinak gainditu behar izan zituztelako. Izan ere, ekimen honen hastapenetan helburu nagusia Donostia, Bilbo eta Gasteizko kontserbatorioetako ikasleak bildu eta orkestra handi bat osatzea izan zen. Baina azken bi edizioetan Euskal Herriko musika eskolako ikasleei ere hautapen froga horietan parte hartzeko aukera zabaldu zaie.
Musika eskolako arduradunek ikasleei meritu handia aitortzen diete, “kontserbatorioetan asteroko ordu kopurua eta eskakizun maila askoz handiagoa da. Gure ikasleak froga horietara aurkeztu izanak gogoaren, ilusioaren eta ausardia handiaren erakusle dira. Horrexegatik Andoaingo Udal musika eskolan oso kontent gaude gure ikasleak hautatu dituztelako, jakinda gainera Orkestraren gehiengoa kontserbatorioetako ikaslez osaturik egongo dela”.
Orkestra Sinfonikoarekin aritzea intentsitate handiko musika esperientzia izango dela ziur daude.
Albistea ikuspegi akademikotik begiratuta ere sekulakoa da. Andoaingo Udal musika eskolan eskaintzen den formakuntza musikala maila onekoa dela garbi geratzen delako.
IBILBIDE BERRIA HIRU MUSIKARI GAZTEENTZAT
Euskal Herriko Ikasle Orkestrako kide izatean, ibilbide berri batean murgilduko dira hirurak. Entseguak intentsiboak dira eta maiz asteburuko egonaldiak egiten dituzte. Aurten, esaterako, Bilbo, Gasteiz, Barria, Eibar edota Hondarribian egonaldiak burutuko dituzte.
Prestakuntzan bezala, emanaldien kopuruan eta kalitatean jauzi handia dago. Euskal Herriko Orkestra aurreko urtean Venezuelan aritu zen. Aurten, hasteko, Donostiako Kursaalean eta Zaragozako auditorioan zuzenean arituko dira. Besteak beste, Beethovenen 5. Sinfonia eskainiko dute. Orkestra gazteak, berriz, 2011ko Musikaldian joko du Gasteizen.
Maddik, Gorettik eta Uxuek dagoeneko lehen pausoak eman dituzte. Lehen biek Bilboko kontserbatorioan estrainaldia egin zuten 123 lagunekin batera emanaldi sinfonikoan parte hartuz.
Uxuek, bestalde, Orkestratekin Bilbon izango du bere hitzordua otsailaren 26an.
Zorionak hiru musikariei, baita Udal musika eskolari ere!