Azken hamabost urte hauetan egin duten legez, Larramendi Bazkunaren egoitzan ikurriña jasotzearekin batera emango zaio hasiera kantu-errondari, herriko kaleetan barrena taldean ibiliko baita, usadiozko kantak abestu eta makilez lurra joz.
Aurten Ihauteriekin nahas-mahas etorriz antolatuko du Larramendi Bazkunak Santa Agedako erronda, eta aurreko urteetan bezala Aita Larramendi Ikastolako eta La Salle-Berrozpe ikastetxeko hainbat irakasle eta gurasok, eta Alberto Agirre Abesbatzako hainbat kidek ere parte hartuko dute. Urtez urte herriko talde handi batek tinko dirau koplak kantatzeko ohitura zaharrean, eta hirigunearen zati handi batean erronda egin ondoren amaiera Ontza elkartean ematen zaio, afari legea betez. Hamabost urte horiean Ramon Beraza musikariak zuzendu ditu errondaren saioak.
Kantatzearekin batera, Larramendi Bazkunekoek diru-bilketa egin ohi dute, urteko bere lan-egitaraua aurrera eraman ahal izateko. Baserritar jantzi tradizionalez jantzirik irten ohi dira kantariak. Larramendi Bazkunak Ageda deunaren hagiografiari eta kantatzen diren koplei buruzko eskuorria argitaraturik dauka aspaldi eta nornahik eskura dezake.
No hay comentarios:
Publicar un comentario