2008-04-20

Sahararen aldeko bertso saioa antolatu du Hurria Sahara elkarteak apirilaren 27an



Elkartasuna bertso bidez (aiurritik hartua)
Sahararen aldeko bertso saioa antolatu du Hurria-Sahara Elkarteak apirilaren 27an. Bastero kulturgunean kantari arituko dira Iker Alustiza, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Jokin Sorozabal. Saharauiarrei lagundu eta horien alde andoaindarrak sentsibilizatzeko asmoz jaio zen giza taldeko kide dira Miren Erkizia eta Tere Otamendi.
Orain sei urte sortu zen elkartea. “Diputazioak eta Udalak Oporrak askatasunean izeneko kanpaina abian jarri zutenean, zenbait gurasok haur saharauiarrak hartu egin genituen etxeetan. Horren ondoren, gaiari segimendua egiteko beharra ikusi genuen; hortik atera zen elkartearen ideia. Zortzi hamar gara taldean egun; gazteen presentzia ez da nahi adinakoa baina…”.
Haurrak etxean hartzea akaso deigarriena izan arren, beste zenbait ekimen burutzen dituzte urtean zehar. “Beti gaude zeozer egiten: diru eskean kaleetan zehar San Tomas bezperan, janaria biltzen eta egutegiak saltzen Gabonetan, bildutako guztia bidaltzen otsailean…”.
Iaz bertso saioa antolatzea erabaki zuten. “Gauza berri gehiago egin behar zirela eta, bertso saioarena bururatu zitzaigun. Diruarena ahaztu gabe, gure helburu nagusia Andoaingo herritarrak bertsolariekin gozatzea eta Sahararen egoeraren gainean zer pentsa jartzea da”.
Ikastetxeetan, janaridendetan, kalean… edonon da egokia elkartasuna eskatzeko, eta ahalegin berezi horri esker “urtero janaritan 15 tona janari bidaltzen ditugu Saharara”. Kanpaina urtero eta herri beraren alde egiteak jendea aspertzea eragiten ez ote duen galdetu diegu. “Egia da gero eta zailagoa egiten zaigula. Andoaindarra orohar eskuzabala da janaria eta dirua emateko. Horretan asko laguntzen dute, haur saharauiarrak kalean ikusgarri egiten direla udaran eta taldekideak ezagunak garela herrian. Hala ere, era guztietako komentarioak entzun behar izaten ditugu: “zuek zaretelako, bestela ez nuen ezer emango…”, “beti eskatzen ari zarete…”.
Nekeak jo gabe proselitismoari eusteko sekreturik baden galdetzen bazaie, saharauiarrekin mantentzen duten harreman pertsonala aipatzen dute. Tere bost alditan joana da hara, eta Miren behin. Emozioz gainezka jartzen dira hango egonaldiak azaltzerakoan. “Zortzi egun haiekin kanpamenduetan bizi eta gero, erabat txoratuta itzultzen zara. Haiekin tea hartzea eta hizketan aritzea, zoragarria da”.
Mirenek aipatzen duen bezala, guretzat harrigarriena zera da, hain gutxi edukita zein ondo moldatzen diren bizitzeko eta alai egoteko. Behin 7 urteko neska koskor batek ikasgai ederra eman zidan: “Vosotros tenéis de todo; nosotros no tenemos nada, pero también somos felices”.
Urtean bost bat haur hartzen dira Andoainen. Bizipen hori probatzeko gomendatzen dio edonori Terek. “Badakigu ez dela erraza oporretan bi hilabetez haur bat edukitzea, baina ezin da neurtu ematen dizun aberastasuna. Lotura eta konpromisoa eskatzen dizu, bai, baina ez da hainbesterako. Goiz osoa begiraleekin ibiltzen dira, eta medikua eta antzeko zerbitzuak ere Udalak jartzen ditu…”.
Saharako herriaren etorkizunaz galdetzean, etsipena nagusitzen da Miren eta Tereren aurpegietan. “Frantziak, Espainiak eta beste herriek interes ekonomiko handiak dituzte Marokorekin, eta azken muturrean geratzen dira saharauiarrak. Nazioarteko laguntza mozten zaien egunean, kito egin dute”. Han denek ez dute modu berean ikusten betikotzen ari den arazoaren akabera. Terek ezagutzen duen familiak, “pittin bat erosokerira jo du, pentsatuta gauzak hobera ez direla joango eta nahikoa dela eguneko laguntzekin bizitzea”. Mirenekin harremanetan den familia, ordea, baikorragoa omen da: “Familian hiru ume dira, eta amak kontzientzia altxata dauka. Independientzia etorriko dela sinistuta, ondo ikusten du seme-alabak borrokarako prestatzea”.
ESKERRONAHurrïa-Sahara elkarteak eskerrona adierazi nahi du: “Lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkiegu Andoaingo liburudenda eta farmazia ezberdinei Saharara bidaltzeko material ezberdina emateagatik. Material horren zati bat ondoko argazkian ikus daiteke”.

No hay comentarios:

Gaur bezalako egun batean.....