2007-12-31

Lehendakariaren, gabon mezua


Gabon denoi!

Laster amaituko dugu 2007. urtea bi sentimendu batera ditugula gogoan: frustrazioa eta itxaropena.

Baina nik ez dizuet frustrazioaz hitz egingo, itxaropenaz baizik. Izan ere, itxaropenak bultzatu gaitu historian zehar Herri gisa aurrera egiteko.
Onartu behar dugu ETAk su-etena hausteak eta atentatuek eragindako ondorio lazgarriek berriro zapuztu dizkigutela Gabonak, eta euskal gizartea sumindu eta gogaitu egin dute.

Baina hau ere egia da: ez gaude prest berriro eraman gaitzaten iragan suntsitzailera. Ez ETAk ez inork ez digu zapuztuko indarkeriaren tuneletik behin betiko irten eta euskal gatazka politikoari konponbide baketsu eta demokratikoa aurkitzeko itxaropena.

Euskal gizartea nazkatuta dago terrorismoaren gaitzaz eta aspertuta dago guk politikatik irtenbiderik ez eskaintzeaz.

Nik uste dut irtenbidea badagoela eta uste du euskal gizarteak baduela kemena irtenbidea eskuratzeko, askotan erakutsi baitugu Herri bezala gaitasuna dugula zailtasunak gainditzeko.

Euskal gizartea gizarte moderno eta dinamikoa da, gure enplegu tasa ia enplegu osokoa da, orain dela gutxi gure langabezia tasa %25tik gorakoa bazen ere. Gure historiako mailarik altuena dugu biztanleko errentan eta familia errentan, Estatuko altuena (%28 gehiago) eta Europako batezbestekoaren %36 gorago, aste honetan bertan Estatistika Institutu Nazionalak argitaratutako datu ofizialen arabera. Eta gure giza garapenaren indizea -aberastasunari, hezkuntzari eta bizi-itxaropenari dagokienez- lehenengo tokietan aurkitzen da Europan eta mundu osoan, Nazio Batuen metodologia erabiliz.

Orokorrean, ondo bizi garela esan dezakegu, oraindik arazoak baditugu ere. Estatistika baikorren atzean badira hainbat pertsona, zailtasunez bizi direnak, etxebizitza duina eskuratu ezin dutenak, lanean egonkortasunik ez dutenak; bada gaizki pasatzen ari den jendea.

Badakigu horiek ere hor daudela eta Jaurlaritzatik agintzen dizuet lanean jarraituko dugula gure gizartean gehien behar dutenak lehen-lehenik lagundu eta zaintzeko.

Herri gisa, gure helburua, gure itxaropena eta gure konpromisoa da giza garapen iraunkorrean aurrera egiten jarraitzea, Euskadi elkartasuna eta berrikuntzaren erreferente bihurtzea Europan.

- - - - -

Horrezaz gain, 2008rako gure itxaropena eta gure konpromisoa hau ere bada: etapa berri bati ekitea, indarkeriaren zurrunbilo suntsitzailea apurtu eta normalizazio politikoa erdiesteko.

Konbentzituta nago hurrengo urtea -2008ko urtea, hain zuzen- garrantzi handiko urtea izango dela eta hurrengo urtean denbora luzerako idatziko dela Euskadiren etorkizuna. Etorkizunean elkarrekin bizitzeko aukera izan dezagun, ziklo historiko berri bati ekingo diogu guztion artean; eta horretarako hiru zutabe erabiliko ditugu: Bakea, Elkarrizketa eta Erabakia.

Bakea da gure gogo biziena.

Gure Herriak Bakea merezi du. Bakea izateko eskubidea dugu. Gure seme-alabei zor diegu, hurrengo belaunaldiei, eta geure buruari ere zor diogu.
Indarkeriak eta terrorismoak heriotza eta suntsipena bakarrik ekarri digute. ETAk Euskal Herriaren izen ona zikintzen du eta, batez ere, konpondu ezinezko kalte bidegabea sortzen die inolako errurik ez duten familia eta pertsonei. Berariaz ekarri nahi ditut horiek gogora.

Urte asko daramatzagu mina eta sufrimendua jasaten, gehiegi. Honek amaitu egin behar du!

Lehendakari legez, eta Euskal Herriaren izenean, ETAri desagertzeko eskatzen diot.

Euskal gizarteak berak eskatzen dio ETAri indarkeria behingoan eta betiko utz dezala. Bada garaia ETAk Herriaren ahotsa entzun eta Herriaren borondatea bete dezan.

Ez dugu biktima gehiago nahi, bat bera ere ez. Indarkeriak desagertu behar du, eta erabaki hori ETAk hartu behar du, berak bakarrik eta atzera ezin egiteko moduan, alderdiok akordioak erdietsi edo ez erdietsi.

Elkarrizketa da gure elkarbizitzaren bigarren zutabea, guztion arteko elkarrizketaren bitartez eraikitako irtenbide politikoak bilatu behar baitira, ETA egon edo ez egon.

Ezingo dugu inoiz bake eta normalizazio politikorako etorkizuna eraiki, elkarrizketa kriminalizatu eta jazartzen badugu. Elkarrizketarik gabe ez dago konponbiderik.

Bene-benetan, ez dut uste konponbidea baliagarria denik, konponbide hori alderdiak legez kanpo uztean, giza eskubide guztiak pertsona guztiei -presoei ere bai- ez aplikatzean oinarritzen bada. Ez dut uste konponbidea baliagarria denik, konponbide hori eskubide zibil eta politikoak murriztean eta euskal gizartearen zati bat baztertzean oinarritzen bada.

Guztiz ziur nago indarkeriari aurre egiteko eraginkorragoa dela elkarrizketa eta demokrazia gehiago erabiltzea, ez alderantziz.

Elkarrizketaren militantea naiz. Behin baino gehiagotan esan dut gai guztietaz eta guztiokin hitz egiteko konpromisoa dudala, inor baztertu gabe. Eta prest nago konpromiso hori betetzeko, ondorio juridikoak eta politikoak direnak direla ere.

Elkarrizketa eta Ituna eskaini dizkiot Espainiako Gobernuko presidenteari. Elkarrizketa eta Ituna eskaini nahi ditut berriz gaur jendaurrean.

Nire eskuak luzatuta jarraituko du. Ez dut eskua bilduko ez martxoko hauteskundeak izan aurretik ez izan ondoren. Baina, hori bai, elkarrizketarako eskaintza atzera botatzen bada, ez gara besoak bilduta geratuko, aurrera egingo dugu.

Euskal gizartearen Erabakia da hirugarren zutabea eta horren gainean eraikiko dugu ziklo historiko berri bat.

Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea, gure gizarteari galdetzea eta gizartearen erabakia errespetatzea -erabakia dena delakoa bada ere-, hori da demokraziaren oinarria eta euskal gatazka konpontzeko "giltzarria".
Iraganean huts egin duten ahaleginetatik ikasi dugu euskal gizartea ezin dela ikusle pasiboa izan. Euskal gizarteak parte hartu behar du bake prozesu guztietan eta konponbide politikoa bilatzen. Ezin da alde batera utzi euskal gizartea. Euskal gizarteari dagokion protagonismoa eman behar diogu, orain arte ez diogu eman eta.

Ziur nago euskal gizarteak guztiok bultzatuko gaituela. ETA behin betiko geldiaraziko du eta alderdi politikooi eskatuko digu krispazioa alde batera uzteko eta elkarrizketa prozesu bat irekitzeko itun demokratiko bat erdietsi dezagun epe zehatz baten.

Inork ez dizkigu irtenbideak ekarriko, guk geuk aurkitu behar ditugu. Ez du beste inork egingo, geuk egiten ez badugu. Ez dezagun jarraitu ETAri, Madrili, Parisi edota Bruselari begira. Konturatu behar dugu gu geu garela gure etorkizunaren giltza.

Guztiz ziur nago konponbidea gure eskuetan dagoela; eta horregatik, Eusko Legebiltzarrean irailean agindu nizuen datorren urteko urriaren 25ean emango nizuela hitza; eta horixe egingo dut.

Datorren urteko urriaren 25ean euskal gizartea arduratuko da erlojua martxan jartzeaz, Bakea eta Normalizazio Politikoa ekarriko digun prozesua irekitzeko giltza demokratikoa izango da gutako bakoitza.

2008. urtea konponbide garaia da. Konpromiso garaia da. Esperantza garaia da.

Zorionak eta Urte Berri On!

No hay comentarios:

Gaur bezalako egun batean.....